Eskola komunitatearen motorra
Txadeko hezkuntzaz hitz egitea erronkez hitz egitea da, baina baita aukerez eta konpromiso komunitarioaz ere. Urtarrilean, Annalisa Lentik eta Octavio Romanok Mongo bisitatu zuten, Guéra eskualdean. Landa-eremu honetan Alboanek urteak daramatza Fe y Alegriari laguntzen, hogeita hamar bat komunitate-eskola bultzatzeko. Horietako batzuk oso urrutiko herrixketan daude, Banaman adibidez, non oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea mugatua izaten jarraitzen duen.
Testuinguru horietan, hezkuntzarako eskubidea bermatzeak ikasgelatik haratago begiratzea eskatzen du. Fe y Alegriak, Alboan-en laguntzaz,herri-hezkuntzaren eredu bat garatu du, familiak eta komunitatea hezkuntza-prozesuaren erdigunean jartzen dituena. Helburua argia da: neska-mutilek kalitatezko hezkuntza jaso eta eskolan iraun ahal izatea, egunerokotasunean zailtasun ekonomiko eta sozialak izan arren.
Hori lortzeko, hezkuntza-lana familien bizi-baldintzak hobetzen dituzten ekintzekin osatzen da. Askotan, baliabiderik ezak behartzen du eskolatzearen aurrean biziraupena lehenestera. Hori dela eta, proiektuaren ardatz nagusietako bat gurasoen indartze ekonomikoa da, diru-sarrerak sortzen dituzten jardueren bidez. Familia- eta komunitate-baratzeak sortzeak, zereal-errotak instalatzeak, soro kolektiboak lantzeak edo fruta- eta barazki-denda txikiak bultzatzeak diru-sarrera egonkorrak sortzea eta seme-alaben hezkuntzari laguntzea ahalbidetzen dute.

Aldi berean, eskolen barruan hezkuntza kalitatea indartzearen aldeko apustua egiten da. Irakasleek etengabeko prestakuntza eta laguntza jasotzen dute beren gaitasun pedagogiko eta didaktikoak hobetzeko, betiere tokiko testuingurura egokituta. Irakaskuntza hurbila, erabilgarria eta esanguratsua eskaini nahi da, ikasleen eta haien komunitateen benetako beharrei erantzungo diena.
Ikuspegi integral horren eragina agerikoa da. Familiek aktiboki parte hartzen dutenean eta hezkuntzari eusteko baliabideak dituztenean, eskolak arrotza izateari uzten dio eta komunitatearen eguneroko bizitzaren parte bihurtzen da. Bidea luzea bada ere eta erronkak ugariak izaten jarraitzen badute ere, partekatutako konpromisoak Txaden hezkuntza bidezkoago eta inklusiboago baterantz urrats sendoak ematea ahalbidetzen du.
Zubiak eraikitzea eta sareko lana sendotzea
Mongora egindako bisita N’Djamena hiriburuan egin zen topaketa garrantzitsu batekin osatu zen. Urtarrilaren 20tik 22ra, Alboanek, gure lankide Teresa Díaz ere bertan zegoela, tailer bat antolatu zuen, eta, han, duela urte batzuetatik hona lankide izan dituen sei erakundeek hartu zuten parte: APLFT, APR, CEFOD, Fe y Alegria, INADES eta JRS. Topaketara CELIAF ere batu zen, herrialdeko emakumeen mugimendu nagusia.

Hiru egunez, erakundeek esperientziak partekatu zituzten, loturak indartu zituzten eta etorkizuneko lankidetzetarako sinergia posibleak aztertu zituzten. Gune horri esker, sareko lana sendotu zen, eta garapenaren, hezkuntzaren eta giza eskubideen aldeko ekimen bateratu berrien oinarriak ezarri ziren.


