Sikarioek Juan Lopez Hondurasko lurraren defendatzailea erahil dute
Juan Lopez, lurraren defendatzailea eta Tocoako (Honduras) erregidorea, Trujilloko Elizbarrutiko Pastoral Sozialeko koordinatzailea eta Honduraseko Jesusen Lagundiaren Kontseilu Apostoliko Nazionaleko kidea, hil dute sikarioek igande honetan, irailak 15.
Lopez lurraldeen defendatzaile sutsua zen Guapinol ibaian Facussé familiaren meatze proiektuaren inposaketaren aurrean, eta bere izena munduan eraildako ingurumenaren defendatzaileen zerrenda luze bati gehitzen zaio; 196 defendatzaile erail zituzten 2023an Global Witness-en arabera. Juan Lopez elizaren irteeran hil zuten, bere autoaren barruan.
Juan Lopezek Adan Funez alkatearen dimisioa eskatu zuen joan den irailaren 10ean, prentsaurrekoan. Aurretik, ekainaren 13an, Kabildoak legez kanpoko osoko bilkura bat antolatu zuen, eta hortik sortu zen termoelektrikoaren onarpena, nahiz eta herriaren gehiengoa horren kontra egon.
'Zazpi Buruko Munstroa 'ren aurka ari zen borrokan. Hala deitzen diote Tocoan megaproiektu honi. Babestutako espazioan eraikitako burdin oxidozko bi meategi, Guapinol ibaiaren eta haren adarren emaria modu dramatikoan murriztuko duen termoelektrikoa,peletizadora instalazio bat eta lurra lehortuko duten hiru ur-putzu ditu.
Gaitzespen kementsua
Alboan eta Entreculturas jesuiten GKEetatik gure gaitzespenik irmoena adierazten dugu krimen horrengatik; komunitateei eta bizitzari kalte egiten dieten megaproiektuen aurkako jazarpenaren eta aurkakotasun ororen ezabatze sistematikoaren kapitulu berri bat. Lopezen hilketa erakunde ustelekin eta influentzia-trafikoaren onuradun diren enpresa-sare harrapariekin konektatutako sare kriminalek duten zitalkeriatik eta zigorgabetasunetik azaltzen da.
Hain zuzen ere, Juan Lopezi elkarrizketa egin zioten Espainiako hainbat hedabidek Alboan gobernuz kanpoko erakundeak aurtengo ekainean antolatutako prentsa bidaian, eta ahots hori bortizki isilarazi dute orain.
Alboan eta Entreculturas erakundeok gure dolumin sentituenak helarazi nahi dizkiegu Juan Lopezen familiari eta gertukoei; ERIC-Radio Progreso gure erakunde aliatuari, giza eskubideen defentsan eta zigorgabetasunaren aurka borroka etengabea egiten duenari; eta Hondurasen Jesusen Lagundiak egindako gaitzespenarekin eta Tocoako komunitateren atsekabearekin bat egiten dugu.
Gainera, autoritate eskumendunei gertakariak argitzeko exijitzen diegu, atentatu honen egile material eta intelektualak zigortzea lortuko duen ikerketa inpartzial baten bidez.
Berme erreal eta eraginkorrak, indibidualak eta kolektiboak, indartzea eta ezartzea ere eskatzen dugu, komunitateen bizitza eta lurraldea babesteko.
Azkenik, giza eskubideen defendatzaileekin eta nekazarien komunitateekin dugun konpromisoa berresten dugu, horiek baitira indarkeriaren eta gatazkaren biktima nagusiak.