Ume errefuxiatuen hezkuntzaren alde, 800 pertsona baino gehiago ari dira korrika Bilbon
Otsailaren 1ean hasi zen Bilbon Corre por una Causa elkartasun lasterketen zirkuituaren XV. edizioko lehen lasterketa, eta bikain hasi ere. 800 pertsona baino gehiago etorri ziren korrika egitera eta haur errefuxiatuen hezkuntzarako eskubidearen alde ibiltzera. Ellacuria Fundazioak, Jesuitak Indautxu ikastetxeak, Deustuko Unibertsitateak eta Alboanek elkarrekin antolatutako lasterketa solidario honetan bildutako diru guztia Alboanek eta Entreculturasek Hego Sudanen eta Kongoko Errepublika Demokratikoan laguntzen dituzten proiektuetara bideratuko da. Haurrei indarkeriatik urrun ikasi, jolastu eta hazi ahal izateko gune seguruak bermatzen dizkieten ekimenak.
Eguna giro freskoarekin eta euri mehatxuarekin hasi zen, baina horrek ez zuen eragotzi 60 boluntario inguru Bilboko Itasmuseumeko zabalgunera joatea. Hasiera-hasieratik ekin zioten karpak eta mahaiak zabaltzeari, hornidura-loteak prestatzeari eta zirkuitua seinaleztatzeari. Zeregin horretan, Bilbaotri Triatloi Taldearen laguntza eta esperientzia izan genuen.-

Goizeko 10:30etan dortsalak banatzen hasi ziren eta, handik gutxira, entrenamendu saio alai bat egin zuten Olenak, RunFighters klubeko ohiko kolaboratzaileak. Berari esker, parte hartzaileek nagikeria astindu, luzatu eta beroan sartu ziren, lasterketan zehar “sustoak” saihesteko. Musikaren erritmora eta bere jaioterriko Ukrainako koloreekin, Olenak izerdia eta irribarrea erdibana eragitea lortu zuen.
Irteeraren aurretik, Martín Iriberri eta Eva Rodríguez-ek, Alboaneko zuzendari nagusia eta Herritartasun Arloko zuzendari ondokoa, hurrenez hurren eskerrak eman zizkieten parte-hartzaile guztiei, kirol-jardunaldi solidario honetan erakutsi duten eskuzabaltasunagatik eta konpromisoagatik. Martinek gogorarazi zuen aurten Alboanek 30 urte bete ditu hezkuntzaren eta bakearen alde, eta Evak, berriz, kalera irtetearen garrantzia azpimarratu zuen, aldarrikatzeko haurrek eskubidea dutela beren etxea uzteko gerrengatik eta gatazkengatik, pobreziagatik eta krisi klimatikoengatik. Halaber, nabarmendu zuen garrantzitsua dela babesleku eta leku segurua izatea hazteko eta salbu sentitzeko. Herri palestinarraren aldeko aldarrikapen eta oroitzapen mezuak ere ez ziren falta izan, hainbat parte-hartzaileren eskutik.
Lehen korrikalariek 30 minututan baino gutxiagotan egin zuten ibilbidea, eta poliki-poliki iritsi ziren ibilbidea erritmo lasaiagoan egitea eta gozatzea nahiago izan zuten pertsonak. Jardunaldia ixteko, zenbait sariren zozketa egin zen, besteak beste, Cafe Baqué sorta, Bissap jatetxeko brucha, Kidendaren bidezko merkataritzako saski bat eta Alboanen zenbait elastiko.

Giro onez, adiskidetasunez eta sintoniaz betetako jardunaldia izan zen, laguntzera hurbildu ziren boluntario guztien parte-hartzerik gabe ezinezkoa izango zena. Ez dago hitzik zuen denborak eta eskuzabaltasunak guretzat esan nahi duena adierazteko. Erakunde eta enpresa laguntzaileei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, haien laguntzarik gabe hitzordu hau ez baitzen posible izango: UDAPA, Cafés Baqué, Kaiku, Ford Mintegui, RunFighters, Bilbaotri Triatloi Taldea, Bilboko Udala, Itsasmuseum, Deloitte, Mapfre, GAES, Laboral Kutxa, El Correo, Loyola Komunikazio Taldea, CVX eta Loyola Zentroa.
Lasterketa honek Estatu osoko 16 hiri zeharkatuko dituen zirkuitu bati hasiera emango dio. Espero dugu zuen laguntza izaten jarraituko dugula. Oraingoz, espero dugu Alboanek Araban dituen lagun guztiek martxoaren 15a, errefuxiatutako haurrekin izango dugun hurrengo hitzorduaren data erreserbatzea.

