Skip to main content

Lurraren defendatzaileek bizitzari eusten diote eredu harrapari batek eragindako indarkerien aurrean

Las defensoras de la tierra

Planetako txoko guztietan daude ingurumen-suntsipenaren aurkako jarrera argia dutenak. Ingurumen-eragileak, lderesa komunitarioak eta aktibistak dira, eta haien xedea erauzketa-industrien aurka egitea da, hala nola legez kanpoko meatzaritza, bereizi gabeko mozketa eta nekazaritza intentsiboa, eta beste batzuk, hala nola kutsadura eta lurren akaparamendua. Hala ere, biodibertsitatea eta tokiko komunitateen eskubideak babesteko duten konpromisoak errepresalia bortitzak ekartzen ditu maiz.

Bereziki nabarmena da herri indigenen kasua, ezinbestekoak baitira klima aldaketaren aurkako borrokan eta, hala ere, urtez urte neurriz kanpoko eraso kopurua jasaten dute.

 

Lehen lerroan

Azaroaren 25ean ospatzen den Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, gaur goizean, Bilbon, Alboan eta Entreculturas GKEek azaldu dute nola emakumeak lehen lerroan kokatzen diren lurraldearen defentsan, eta nola indarkeria anitzen biktima diren, eta, aldi berean, ikusezin bihurtzen eta isilarazten dituzten.

Alboaneko Intzidentzia Politikoko teknikari Sara Diegoren hitzetan, “emakumeak lurraldeen sistema harrapari, eskubide-urratzaile eta jasanezin baten aurrean erresistentziaren lehen lerroan kokatzen dira. Bizitza sustatzen ez duen sistema bat, heriotza eta mina sortzen duena lurraldeetan, fauna eta floran, gizakiengan, eta zehazki emakumeen gorputzetan”.

 

Lurraren defendatzaileak

 

Testuinguru horretan, 2023an, planetaren defendatzaileen aurkako indarkeriak 196 biktima izan zituen. Horietatik % 43 indigenak ziren eta % 12 emakumeak. Sara Diegok adierazi duenez, “nahiz eta erregistroek erakusten duten eraildako pertsona gehienak gizonezkoak izan zirela, arrakala sozialen eta desberdintasun ekonomiko, kultural, etniko eta generokoen ondorioz, emakume defendatzaileek genero indarkeria mota espezifikoei aurre egin behar diete. Izan ere, indarkeria matxistak neurriz kanpo erabiltzen dira emakume defendatzaileen aurka, haiek kontrolatzeko eta lidergo gisa duten boterea eta autoritatea isilarazteko eta erreprimitzeko”.

 

Giza eskubideen urraketak Amazonian

Prentsaurrekoan Sara Jimena Suarez Kolonbiako Amazoniako nekazarien buruak eta Panamazoniako Eliz Sareko kideak ere hartu du hitza. Suarezek Panamazoniako Giza Eskubideen urraketei buruzko III. Txostenaren lanketan parte hartu du. Txosten hori argitaratu berri da, eta hainbat herri indigenek eta nekazari-komunitatek, ibaiertzekoek eta afrikar ondorengoek bizi duten egoera dokumentatzen du.

Sara Suarezek esan duenez, Kolonbiako gatazka testuinguruan, hainbat talde armatu bertan direla, “emakumeak gerrako arma gisa erabiltzen dituzte”. Gainera, matxismoa eta dagoen patriarkatua direla eta, emakumeak isilarazi egiten dituzte eta parte-hartze espazioetarako sarbidea ukatuta ikusten dute; “ahotsa altxatzea errebeldia ekintza bat da”, ziurtatu du. Laburbilduz, nekazarien eta indigenen komunitateek pairatzen dituzten eskubide-urraketei emakumeen aurkako tratu txar fisiko, emozional eta psikiko etengabea gehitzen zaie.

Urraketa horien berri emateko eta erakunde aliatuei eta komunitate indigenei laguntzeko, Alboan eta Entreculturas erakundeetako ordezkariek Genevan azaroaren 25etik 27ra egingo den Enpresen eta Giza Eskubideen Foroan parte hartuko dute.