Skip to main content

Tutera korrika eta oinez irten zen haur errefuxiatuen alde

Carrera Tudela

200 lagun baino gehiago atera ziren korrika eta oinez Tuteran urriaren 18an. Eguna goibeltsu eta haizetsua izan arren, 200 pertsona baino gehiagok zapatilak jantzi eta Tuterako kaleetan zehar oinez eta korrika egin zuten Kongoko Errepublika Demokratikoko eta Hego Sudango haur errefuxiatuen alde. Estatu osoan Alboanek eta Entreculturasek antolatzen duten lasterketaren XV. edizioa dela, hirugarrena izan zen Nafarroako Erriberako hiriburuan, Tuterako Jesuitak, Lasa Zentroa eta Alboanek antolatua.

Goizeko 9etan San Frantzisko Xabier ikastetxeko neska-mutilak Foruen Plazan biltzen hasi ziren. Nagia gaindituta, goiz jaiki ziren boluntario kide gisa laguntzeko. Nieves Mora, ikastetxeko zuzendaria, eta Fernando Litago, Club Ruizca Ribera Atlético taldekoa, ere goizean goiz bertaratu ziren muntaiarekin laguntzeko, Tuterako Udaleko langileekin batera, dena ahalik eta ondoen egiteko.

Karpak muntatu, arropazaindegiko eta izen-emateko postuak prestatu ondoren, 10:30ean, Carlos Díaz, Club Deportivo Cantera de Cascante taldekoak esatari lanari ekin zion. Herritarrak parte hartzera animatu zituen, eta bildutako guztiei gogorarazi zien ze garrantzitsua den haur errefuxiatuen hezkuntzarako eskubidea defendatzea.

11ak pasatxo hasi zen haurren lasterketa. Neska-mutil talde ederra ibili zen Foruen Plaza inguruan, giroa “berotzen” eta parte hartzera animatzen. 11:30ean, Alboaneko zuzendaritzaren albokoa den Eva Rodríguezek hitza hartu zuen, eta gogorarazi zigun 49 milioi haurrek beren etxeetatik ihes egin behar izan dutela gerren, klima-krisien edo aukera-faltaren ondorioz: parte-hartzaile guztiek dortsal bakarra partekatzearen arrazoia.

Elkartasunez eta giro onez beteriko eguna izan zen, eta Tuterako herritarrak buru-belarri aritu ziren beste urte batez.

Eskerrak eman nahi dizkiegu, beste behin ere, Ruizca Ribera Atlético klubari, Tuterako Udalari eta enpresa laguntzaileei: UDAPA, Kaiku, Tafallako El Caserio, Deloitte, Gaes eta Mapfre. Halaber, eskertu nahi ditugu Jesús Marquina eta Ángel Navarro ekitaldi horren berri eman baitute eta eguneko irudirik hunkigarrienak atera baitituzte. Azkenik, eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi egun berezi honetan gurekin egoteagatik, eta, jakina, baita peto laranja jantzi eta lasterketa hau posible egin zenuten boluntario guztiei ere.

Mila esker bihotzez!
 

Kategoria

Erlazionatutako albisteak