Amazoniaren aldarriak oihartzuna izan du Nafarroako Erriberan
Azaroaren 18tik 28ra bitartean, Tuterako UNEDek 40 piezaz osatutako erakusketa hau hartu zuen, eta Amazoniako lurraldeetako herri indigena horiek egiten duten defentsari aurpegia jartzen dio, planetaren birikaren biziraupena bera mehatxatzen duen erauzketa-eredu baten aurrean.
Amalurzonía erakusketan Peruko eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako artistek egindako mihiseak daude ikusgai, aurretik pertsona errealei egindako argazkietan oinarrituta. Erakusketa ibiltari hau Amazonia Gara kanpainaren barruan dago, eta herritarrak klima aldaketaren aurka mobilizatzea, Amazonia defendatzea eta bertan bizi diren herriak babestea du helburu.
Zuzeneko lotura
Erakusketaren inaugurazioan, Panamazoniako Eliz Sareko (REPAM) Aline Silva Dos Santos eta Willy Llanque Campos; Luis Fernandez UNED Tuterako zuzendaria; eta Mentxu Oyarzun Alboan-eko Gizarte Dinamizazio arlokoak parte hartu zuten.
Willy Llanque Campos REPAMeko idazkari exekutiboaren hitzetan, “bertako pertsona askoren bizitza lurraldearen mende dago, eta lurraldea suntsitzen ari dira”. Eta gaineratu zuen, distantzia gorabehera, “lotura zuzena dagoela, han gertatzen denak hemen ere eragiten duelako, eta alderantziz”.
Bestalde, Aline Silva Dos Santos REPAMeko ordezkariak adierazi zuenez, “bakoitzak jakin behar du nola laguntzen ari garen planeta eta gizateria suntsitzen, edo, alderantziz, nola zaindu eta sustatu dezakegun Amazoniako bizitza”. Erakusketaren inaugurazioaren ostean, REPAMeko kideek hitzaldia eman zuten UNED Tuteran, Amazonia: estraktibismoa eta eskubideen urraketa izenburupean.
Erakusketa Iruñean ikusi ahal izango da abenduaren 8tik 19ra, Gazteriaren Etxean (Zangoza kalea, 30).