Alboan GKE jesuitak badu zer ospatu. 2021ean, 25 urte bete ditugu.
Pandemiaren testuinguru konplexua kontuan hartuta, ospakizun apala da, baina esker onekoa. Izan ere, pandemiak krisian murgildu ditu gizarte-garapeneko prozesu asko, bai hemen, bai lan egiten dugun munduko toki askotan.
Gertakari eta jende askori esker sortu zen Alboan, baina, zalantzarik gabe, bat erabakigarria izan zen: komunitate eta erakunde jesuitak Peruko Amazonian awajun herri indigenarekin elkartu zirenekoa.
Alboan basoan sortu zen, Amazonian
Javier Arellanok, 1996 eta 2006 artean Alboan-en zuzendari izan zenak, Santiago Manuin lider indigenarekin egindako lehenengo topaketa haren gakoetako batzuk gogorarazi zizkigun, gako horiek nazioarteko lankidetza ulertzeko eta gauzatzeko modu bat bihurtu baitziren:
“Hasiera hartan haren gomendioek markatu egin ninduten: guri laguntzera etorri zara hona, baina guk zuzentzen dugu; eman ahal duzuna, berdinetik berdinera; kontuan izan gutxi dakizula gure bizitzaz eta basoaz; galde iezaguzu, ikasi gugandik eta ez epaitu behar baino lehen.”
“Ez iezaguzu deitu ‘pobreak’, gutxiago garela ematen baitu. Ezagutu gure aberastasuna. Herri indigena gisa munduari eskaintzen diogun guztia. Guri laguntzera bazatozte, ongi etorriak zarete, baina ez ahaztu gu garela geure bizitzaren arduradun. Izan gure bidelagun, baina zuen bidea inposatu gabe”.
Oraindik ere, hitz horiek laguntza paternalista eta alde bakarrekoaren ideia bazter uzteko gonbidapena dira, bi norabideko lankidetza- eta ikaskuntza-harremanak indartzeko, laguntzeko, ondoan egoteko… Alboan-en lehenengo lanek awajun eta wampis komunitateen lurraldeetako titulua lortzearekin izan zuten zerikusia, lurralde indigenaren kontrol komunitarioa ziurtatzeko.
Gainera, 90eko hamarkadan, nazioarteko elkartasunerako funts publiko gehiago eskatzen zituen 0,7aren inguruko gizarte-mugimendu baten testuinguruan, erakunde jesuitek Hegoaldeko herriekin zuten konpromisoa indartu eta berritu nahi izan zuten. Historikoki, harreman hori misiolarien bidez gauzatu zen. Haien hurbiltasunari jarraipena eman nahi zitzaion, eta hainbeste hamarkadatan ikasitakoari probetxu atera. Horrela sortu zen Alboan, euskaraz “ondoan”, “hurbil”. Izenak konpromiso bat eta estilo bat adierazten zuen.
Alboan-ek itxaropenari eusten dio 25 urteren ondoren
Gaur egun, 25 urteren ondoren, nazioarteko lankidetza egiteko beste modu bat martxan jartzera bultzatu gintuzten hasierako intuizio haiek inoiz baino indartsuago daude.
Amazonian ez dago arriskuan soilik herri indigenen biziraupena, kultura eta identitatea; Amazonia oinarrizko ekosistema bat da, eta gizateria osoaren etorkizuna dago jokoan. Alboan sortu zenean herri indigenen borrokarekin bat egin genuen, eta gaur egun kausa global bihurtu da. Eliza eta gizarte zibila naturako ondasunak inoren jabetzapean geratzearen eta pribatizatzearen aurka daude; herriak lekuz aldatzera behartzen dituzten megaproiektuen aurka; edo meatzaritzaren aurka, horrek guztiak ingurumena hondatzen eta narriatzen baitu eta planeta osoko aldaketa klimatikorako ondorio negargarriak baititu.
Urteotan, elkartasun ekonomikoaren espezifikotasunetik hezkuntzaren integraziora, eragin politikora eta gizarte-mugimendura aldatu gara, herritarren inplikazioa areagotzeko eta estatuek pobreziaren bidegabekeria iraunarazten duten sistemak aldatzeko eta eraldatzeko duten erantzukizunean eragina izateko.
Baztertuen “alde” haiei ahotsa, bizitzeko bideak eta gizarte-zerbitzuak “emateko” lan egitetik “haiekin” eta erakunde horiekin nahasi eta elkartzera, kausa globaletan laguntzeko, eskubide-urratzeei, bidegabekeriari eta zapalkuntzari “aurre egin” behar zaienean:
Beren etxeak uztera behartutako errefuxiatuak eta migratzaileak, baliabiderik gabeko auzuneetan hezkuntzarako eskubiderik ez duten adingabeak, beren lurrak uztera behartutako eta lur horietatik kanporatutako komunitate indigenak, esplotatutako eta salerosgai gisa erabilitako emakumeak… eta bizimodu duina eta bidezkoa izateko eskubidea aldarrikatzen duten hainbat eta hainbat ahots. Haien bidez begiratzen diogu errealitateari, eta geureganatu ditugun kausei.
Alboan, eskertuta eta konprometitua
25 urteotan, borroka egiteko eta hobetzeko istorio horietako askoren berri eman dizuegu. Beti Afrikako, Latinoamerikako eta Asiako beste herrialde batzuetan bidelagun ditugun erakundeen eskutik:Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuita, Fe y Alegría, Gujarateko misioa, SAIPE…
Gaur egungo egoera kritikoan, gizateriaren kausa handiak muga geografikoetatik haratago defendatzen eta bereganatzen dituen herritartasun globala behar da. Amets hori zuena da, eta zuen partaidetza eta elkartasuna behar ditu oraindik: mundua bidezkoagoa izan daitekeela uste duzuen pertsonena eta mundua bidezkoagoa izan dadin laguntzeko lan egiten duzuenena.
Alboan-ek leial jarraituko du lanean munduko pertsona ahul eta baztertuekin batera, laguntzeko eta zerbitzatzeko, defendatzeko eta salatzeko, iragartzeko eta proposatzeko. Beti itxaropenetik abiatuta.
Haien guztien izenean, eskerrik asko 25 urte hauengatik.
Informatu zaitez 2021ko ekarpenarekin lor ditzakezun onura fiskalei buruz.
Pertsona fisikoak
Bizkaia: %45;
Gipuzkoa: %20;
Araba: %20;
Nafarroa: %80ko kenkaria lehen 150€-etan, eta %35ekoa gainerakoan;
Enpresak
Bizkaia: %45 kuota likidoan;
Gipuzkoa: gastu kengarria;
Araba: gastu kengarria;
Nafarroa: %20 kuota likidoan eta gastu kengarria;
Pertsona fisikoak
%80ko kenkaria lehen 150€-etan, eta %35ekoa gainerakoan. Eta, gainera, gutxienez azken bi urteetan kopuru hori edo handiagoa eman badiozu ALBOANi laguntza gisa, %5 gehigarri bat.
Enpresak
%35 kuota likidoan.
Eta, gainera, gutxienez azken bi urteetan kopuru hori edo handiagoa eman badiozu ALBOANi laguntza gisa, %5 gehigarri bat.