Garapen ekonomiko produktiboaren sektorea
ALBOANek babesten ditugun komunitate zaurgarrien tokiko zein eskualdeko ekonomia garatzen lagundu nahi du. Gure helburua da elikadura-segurtasuna eta iraunkortasun ekonomikoa bermatzeko beharrezkoak diren bizi-bitartekoak sustatzea. Prozesu horretan, ezinbestekoa da aberastasuna banatzeko eta ingurumen iraunkorragoa lortzeko bitartekoak izatea.
Mundu osoan 850 milioi pertsonak pairatzen dute gose kronikoa. Gauero, lotara joaten direnean, ez dakite hurrengo egunean nahikoa jana izango duten. Ziurgabetasun horri “elikadura-segurtasunik eza” deritzo.
Segurtasun falta horrek bereziki emakumeak eta haurrak kaltetzen ditu:
- Emakumeak haurtxo ahulez erditzen dira; haurtxoek gutxi pisatzen dute eta hiltzeko arrisku handiagoa dute.
- Elikadura-urritasuna dela eta, haurren garapen fisikoa eta mentala motelagoa da. Gaixotzeko arrisku handiagoa dute.
Sareko lana funtsezkoa da komunitate ahulen prozesu ekonomiko eta produktiboak garatzen laguntzeko.
ALBOANek finantzaketa, esperientzien trukea eta ezagutzen sorrera eskaintzen dizkie gurekin elkarlanean ari diren gainerako erakundeei. Guztion helburua da komunitateek eta tokiko kooperatibek gauzatzen dituzten garapen-prozesu ekonomiko eta sozialak martxan jartzea eta hobetzea.
Hona hemen munduko hainbat txokotan babesten ditugun proiektuen zenbait adibide:
- Indian, Tamil Nadu estatuan, baserri kolektiboak kudeatzeko nekazaritza ekologikoari buruzko prestakuntza jasotzen ari diren emakumeekin lankidetzan jarduten dugu.
- Nikaraguan, Belén eta Mateare eskualdeetan, emakumeak gaitzen laguntzen ari gara, fruta eta eztia lantzeko eta saltzeko.
- Ruandan, Nyundo elizbarrutian, tokiko behi-arraza hobetzen lagundu dugu, haragi-ekoizpena handitzeko eta lursailetarako ongarri organikoa sortzeko.
- Perun, Alto Marañón eskualdean, indigenen komunitateei babesa eskaintzen diegu, ustiategi txikien eta familia-baratzeen bidez elikadura hobea izan dezaten.
Bestalde, 2011. urtetik, ALBOAN COMPARTE sareko kidea da. Sare hori munduko hainbat txokotako erakundeek osatzen dute, eta sarearen helburua da tokian bertan aldaketa eragingo duten garapen ekonomiko eta sozialaren arloko alternatibak eraikitzea, erakunde bakoitzaren herrialdeko kolektibo ahulenei laguntzeko.
Sare hori Latinoamerikako 16 erakundek eta ALBOANek osatzen dute. Komunitatearen helburua da ahaleginak bateratzea alternatiba bideragarri eta posibleak sortzeko, gurekin lanean ari diren pertsona pobretuen oniritziarekin.
ALBOANek eta Hego Amerikako Probintzialen Konferentziaren (CPAL) Sektore Sozialak sustatu zuten COMPARTE sarearen sorrera.

Bizimodu duina
Herrialde pobretuetan garapen ekonomikoa bultzatzen dugu, migrazio beharturik gerta ez dadin
Denontzako mundu hobe bat nahi badugu, argi izan behar dugu bizimodu duina izateko baldintzak sortu behar ditugula desberdintasunak, gerrak eta indarkeriak, jazarpen politikoak, analfabetismo kronikoak eta beste egoera batzuek jotako lekuetan, horrek guztiak segurtasunik ez izatea eta etorkizuneko aukera gutxi edo bat ere ez edukitzea baitakar.