
PERTSONA ERREFUXIATUAK,
Lekualdatuak eta migratzera behartuak
Migrazio behartua edozein pertsonak jazarpen, gatazka, errepresio, gizakiak sortutako eta/edo natura-hondamendi, degradazio ekologiko, bizimodua ateratzeko baliabideen gabezia edo bere existentzia, askatasuna edo bizimodua arriskuan jartzen duten bestelako edozein egoeretatik alde egiteko gauzatzen duen emigrazioa da.
Egun, halabeharrez lekualdatutako pertsonen kopuruak 60 milioiak gainditzen ditu. Erdia, 30 milioi, 18 urtetik beherakoak dira. Egunero, 42.500 pertsonek beren etxeak utzi behar dituzte, beren bizitzak arriskuan baitaude.
Migrazio behartuak gainditzeko, pertsonentzako bizitza duinerako baldintzak sortu behar dira jatorrizko herrialdeetan. ALBOAN gogor saiatzen da bizimodua ateratzeko aukerak sortzeko eta kalitatezko hezkuntzarako sarbidea eskaintzeko; horrez gain, bakearen eta adiskidetzearen alde lan egiten dugu eta gizarteko talde ahulenak antolatu, beren eskaerak adierazi eta eragiten dieten politiketan eragiteko esparruak zabaldu nahi ditugu.
"Sekula ez da egon guztia galdu duten pertsonekiko tolerantzia, errukitasun eta solidaritatearen behar handiagorik"

GATAZKA ARMATUEN ERAGINEZKO ERREFUXIATU ETA LEKUALDATUENTZAKO ARRETA ZUZENA
ALBOANek laguntza eskaintzen du errefuxiatuek eta lekualdatuek behin eta berriz bizi dituzten krisi egoeretan; horretarako, tokian bertan egiten den lan humanitarioa babesten du eta gure ingurunean egoera horien kausak salatzen ditu. Horretarako, Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuarekin batera lan egiten dugu, errefuxiatuen eta lekualdatzera behartutakoen eskubideak defendatzeko eta laguntza emateko.
Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Txaden
Lana lekualdatuen eta errefuxiatuen esparruetan kolektiborik ahulenei arreta ematean datza, nagusiki.
Umeei, nerabeei eta gazteei zuzenduriko hezkuntza-zerbitzuak, hauen bitartez:
- Eskolak eraikitzea eta hornitzea, irakasleak kontratatzea eta prestatzea, herritarrengan hezkuntzak (batez ere, nesken hezkuntzak) duen garrantziari buruzko kontzientzia sortzea eta gurasoen elkarteak sortzea.
Indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta ematea, honako hauen bidez:
- Indarkeriaren biktima izan diren nerabeei eta emakumeei laguntza psikosoziala ematea, alfabetatze ikastaroak eta lanbide heziketakoak (ebaketa eta jantzigintza, saskigintza, zurgintza, ile-apainketa) eskaintzea eta dituzten eskubideen gaineko kontzientzia hartzeko sentsibilizazio-ikastaroak ematea.
Kolonbia, Venezuela eta Ekuadorren arteko mugan laguntzen dugu
Kolonbia da mundu osoan lekualdatu gehien dituen bigarren herrialdea. ALBOANek Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuarekin elkarlanean jarduten du Kolonbiako gatazka dela eta lekualdatuek zein errefuxiatuek bizi duten egoera gogorra leuntzen saiatzeko Kolonbia, Venezuela eta Ekuadorren arteko mugan zein Kolonbia barruko lekualdatzeetan. Pertsona horiek nagusiki landa-guneetako komunitateetako kideak dira, eta hirietako bazterreko guneetan bizi behar izaten dute.
Hona hemen eskaintzen dugun babesaren ardatzak:
- Berehalako laguntza humanitarioa lekualdatu berri diren pertsonentzat edo familientzat. Familiari aholkularitza, sendagaiak, elikagaiak, etxebizitza alokatzeko laguntza eta etxerako oinarrizko tresnak ematean datza.
- Lekualdatuentzako zein errefuxiatuentzako arreta psikologikoa. Etengabeko jazarpenak eta kikildurak eragindako beldurrei eta kezkei erantzuna ematen saiatzean datza.
- Herritarrei legezko laguntza, aholkularitza eta prestakuntza ematea, hala barneko lekualdatu gisa galdu dituzten eskubideak berreskuratzeko nola asiloa eskatzeko, errefuxiatu izaera eskuratu ahal izateko.
Zuk dohaintzak itxaropena pizten die pertsona askori
PERTSONA MIGRATZAILEENTZAKO LAGUNTZA
Azken urteetan, beren herrialdeak uzteko beharra izan duten Erdialdeko Amerikako pertsonen kopuruak gora egin du etengabe.
ALBOANek Jesuiten eta Erdialdeko Amerikako Migratzaileak erakundearen RJM-CA sarea babesten du. Sarearen xedea mugen kontrolak eragindako giza eskubideen urraketa eta krudelkeria egoerak geldiaraztea da, bereziki, emakumeek, haurrek eta nerabeek bizi duten ahultasun egoerari dagokionez.
Emigratzen duten pertsona gehienek “Iparraldeko ibilbidea” erabiltzen dute, Mexiko eta Estatu Batuetarako bidean; eta hori munduko ibilbiderik arriskutsuenetarikoa da.

ALBOANek pertsona eta familia migratzaileen eskubideen defentsa babesten du:
- Jatorrizko herrialdean eta helmuga-herrialdean lekualdatze behartuko prozesuan dauden pertsonek oinarrizko beharren eta aldi baterako etxebizitzaren hornidura behar dute, baita arreta juridikoa, psikologikoa, arreta humanitarioa, informazioa eta prestakuntza ere.
- Tokiko eta nazioko erakundeekin koordinatzea ezinbestekoa da errefuxiatuei helmuga-herrialdean bizimodua ateratzeko baliabideak lortzen laguntzeko.
- Prebentziozko neurriak martxan jarri behar dira migrazio-prozesuetako ahultasunari eta indarkeriari aurre egiteko: komunitateko liderrentzako eta gizarte erakundeentzako prestakuntza auto-babes eta segurtasunean; tokiko erakundeekiko koordinazioa, sentsibilizazio-kanpainak eta eskubideen gaineko prestakuntza, segurtasun-protokoloak eta migratzaileen arriskuak.