Ekintza humanitarioaren sektorea

ALBOANek laguntza eskaintzen du errefuxiatuek eta lekualdatuek behin eta berriz bizi dituzten krisi egoeretan; horretarako, tokian bertan egiten den lan humanitarioa babesten du eta gure ingurunean egoera horien kausak salatzen ditu.

HGaur egun, 45 milioi pertsona daude munduan lekuz aldatzera behartuak izan direnak (30 milioi barneko lekualdatu eta 15 milioi errefuxiatu); horietatik % 80 emakumeak eta haurrak dira. Baliabide naturalak eskuratzeko eta kontrolatzeko borrokak daude lekualdatze horiek eragiten dituzten gatazka armatu gehienen oinarrian.

ALBOANek urteak daramatza pertsona horiei laguntzen, Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuarekin (SJR-JRS) duen aliantzaren bitartez. Datozen urteotan, nazioarteko erakunde horrekin dugun lankidetza sendotzen jarraituko dugu, eta gure gizartean dugun eragina areagotuko dugu, herritarrek ahalik eta hobekien uler dezaten gure garapen-ereduaren eta urtero milioika pertsonari eragiten dieten krisi errepikakor horien arteko harreman estua. Hona hemen lan horren hainbat adibide:

  • Kongon eta Txaden

Hau da, oro har, gure lanaren ardatza:

Lekualdatuen eta errefuxiatuen esparruetan, kolektiborik ahulenei arreta ematea. Umeei, nerabeei eta gazteei zuzenduriko hezkuntza-zerbitzuak, hauen bitartez:

  • Eskolak eraikitzea eta hornitzea, irakasleak kontratatzea eta prestatzea, herritarrengan hezkuntzak (batez ere, nesken hezkuntzak) duen garrantziari buruzko kontzientzia sortzea eta gurasoen elkarteak sortzea

Indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta ematea, honako hauen bidez:

  • Indarkeriaren biktima izan diren nerabeei eta emakumeei laguntza psikosoziala ematea, alfabetatze ikastaroak eta lanbide heziketakoak (ebaketa eta jantzigintza, saskigintza, zurgintza, ile-apainketa) eskaintzea eta dituzten eskubideen gaineko kontzientzia hartzeko sentsibilizazio-ikastaroak ematea.

Kolonbia, Venezuela eta Ekuadorren arteko mugan laguntzea.

Kolonbia da mundu osoan lekualdatu gehien dituen bigarren herrialdea. ALBOANek Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuarekin elkarlanean jarduten du Kolonbiako gatazka dela eta lekualdatuek zein errefuxiatuek bizi duten egoera gogorra leuntzen saiatzeko Kolonbia, Venezuela eta Ekuadorren arteko mugan zein Kolonbia barruko lekualdatzeetan. Pertsona horiek nagusiki landa-guneetako komunitateetako kideak dira, eta hirietako bazterreko guneetan bizi behar izaten dute.

Hona hemen eskaintzen dugun babesaren ardatzak:

  • Berehalako laguntza humanitarioa lekualdatu berri diren pertsonentzat edo familientzat. Familiari aholkularitza, sendagaiak, elikagaiak, etxebizitza alokatzeko laguntza eta etxerako oinarrizko tresnak ematean datza.
  • Lekualdatuentzako zein errefuxiatuentzako arreta psikologikoa. Etengabeko jazarpenak eta kikildurak eragindako beldurrei eta kezkei erantzuna ematen saiatzean datza.
  • Herritarrei legezko laguntza, aholkularitza eta prestakuntza ematea, hala barneko lekualdatu gisa galdu dituzten eskubideak berreskuratzeko nola asiloa eskatzeko, errefuxiatu izaera eskuratu ahal izateko.

Gatazkarik gabeko teknologia

Gatazkan dauden herrialdeetan egiten dugun lanaren adibide bat da hau

ALBOANek agerian jarri nahi du sakelakoek, tabletek eta ordenagailuek zer-nolako lotura duten emakume, komunitate eta ingurugiroaren aurkako indarkeriarekin Kongo, Honduras, Kolonbia edo India bezalako herrialdetan. Era berean, erraz gauzatzeko moduko lankidetza-proposamenak planteatzen dizkigu, indarkeria amaitzen laguntzeko.