proyectos

BAZTERTUTAKO EMAKUMEAK

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik eza

Egun, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik eza mundu osoan egiaztatutako errealitatea da. Leku askotan, gainera, pobrezia, indarkeria eta esklabotasun egoerek desberdintasun hori areagotzen dute.

Hona hemen errealitate hori frogatzen duten zenbait datu

  • Emakumeak planetako pertsonarik pobreenen % 60 dira.
  • Alfabetatu gabeko pertsonen bi heren emakumeak dira. Indian bakarrik, irakurtzen edo idazten ez dakiten 245 milioi emakume daude.
  • Landa-eremuetan, hiru emakumetik bakar batek jasotzen du osasun-arreta haurdunaldian.
  • Neskatoak goizago uzten dituzte ikasketak lehenengo eta bigarren hezkuntzan; eta ikasketak uzteko tasa horrek gora egiten du adinarekin batera.
  • Emakumeek bizitza publikoan eta politikon parte hartzeko zailtasunak dituzte. Beren ahotsak entzun eta aintzat hartu daitezen lortzea oraindik ere erronka handia da.
  • Emakume gehienak lanaldi hirukoitza egitera behartuta daude: etxetik kanpokoa, etxean eta beste batzuk zaintzen.
  • Emakumeek enplegu mota ahulenak egin behar izaten dituzte; gehienak lan informalak dira eta, hortaz, prestazioen eta lan-segurtasunaren inguruko gabeziak dituzte.
"Emakumearen kontrako indarkeria giza eskubideen urraketarik lotsagarriena da. Ez du muga geografiko, kultural edo ekonomikorik ezagutzen. Indarkeria horrek dirauen bitartean, ezin izango dugu esan berdintasunaren bideko garapenean eta bakean benetako aurrepausorik eman dugunik"

Kofi Annan

Zuk dohaintzak itxaropena pizten die pertsona askori

Berdintasuna sustatzen dugu

ALBOANek Afrika, Latinoamerika eta Indiako landa-komunitate, baztertutako hirigune, herri indigena eta errefuxiatuentzako esparruetako emakumeak babesten ditu. Hona hemen gure lanaren zenbait adibide:

1

Afrikan

ALBOANek Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean lan egiten du , Aintzira Handietako Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuarekin (SJR) eta Synergies de Femmes (Synergie) elkartearekin lankidetzan. Bertan, eskualdeko gatazkari lotutako indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzen diegu honako hauen bidez:

  • Erabakiak hartzeko prozesuetan emakumeek partaidetza aktiboa izan dezaten ahalbidetzen duten gaitasunak garatzeko prestakuntza ematea, bere lidergoa indartzeko; horri esker, beren behar eta interesak nahiz komunitateenak defendatu ahal izango dituzte.
  • Harrera Etxeak sortzea, emakumeek mediku-arreta, laguntza psikosoziala, talde-terapia, aldi baterako bizilekua, eta autonomia ekonomikoa izateko lanbide bat ikasteko aukera eskaintzeko.
  • Alfabetatze-ikastaroak eta lanbide heziketakoak (ebaketa eta jantzigintza, saskigintza, zurgintza, ile-apainketa) eskaintzea eta dituzten eskubideen gaineko kontzientzia hartzeko sentsibilizazio-ikastaroak ematea.
2

Latinoamerikan

ALBOANek besteak beste Guatemalan eta Kolonbian egiten du lan, tokiko erakundeekin batera (Puente de Paz eta Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuarekin, adibidez), emakumeen eskubideak defendatu eta errespetatu daitezen, honako ekimenen bidez:

  • Indarkeriaren biktimentzako arreta psikosoziala.
  • Eskubideen gaineko prestakuntza, eta partaidetza eta antolakuntza sozialaren sustapena.
  • Familia-negozio txikiak eta kooperatibak sortzea.
3

Indian

ALBOANek Gujarat eta Tamil Nadú probintzietan egiten du lan, emakumezkoak, pobreak, indigenak zein alargunak izateagatik baztertutako emakumeekin.

ALBOANek genero-berdintasuna eta emakumeen garapenerako eskubideak sustatzen ditu, honako hauek bultzatzen dituzten proiektuen bidez:

  • Emakume eta neskatoentzako kalitatezko hezkuntzarako sarbidea.
  • Emakumeek lan-munduan aukera gehiago izatea ahalbidetuko duen gaikuntza profesionalerako sarbidea.
  • Emakumeen diru-sarreren areagotzea, negozio txikiak eta kooperatibak sortzeari esker.
  • Emakumeek eraldaketa sozialean eta garapenean duten paper protagonista publikoki aitortzea.
  • Emakumeen kontrako indarkeria erabat ezabatzeko borroka.