“MUNDUKO TXOKOA - UNA VENTANA AL MUNDO”
ELKARTASUNERAKO FORMAKUNTZA
“Munduko Txokoa - Una Ventana al Mundo, elkartasunerako formakuntza” herritarrak formatzeko gune irekia da. ALBOANek hainbat jardueraz osatutako programazioa eskaintzen du aldian behin, modu ludiko eta jendarteratzailean: hitzaldiak, ipuin-kontalariak, zine-forumak, kontzertuak, tailerrak, mahai-inguruak, etab.
Herritarrak hainbat gairen inguruan sentsibilizatu nahi ditugu, mundu justu bat eraikitzeko parte hartzera bultzatzeko.
Munduko Txokoa - Una Ventana al Mundo formazio-guneak hainbat lurraldetan gauzatzen du bere programa. ALBOAN da egitasmoaren burua, beste erakunde batzuekin elkarlanean:
- Bilbo: ALBOAN, Loyola Zentroa, Ignacio Ellacuría Gizarte Fundazioa eta Deustuko Unibertsitatea.
- Donostia: ALBOAN eta Loiola etxea.
- Gasteiz: ALBOAN.
- Iruñea: ALBOAN eta SEI elkartea.
MINTEGIAK

ALBOANen pentsatzen dugu gizarte global, konprometitu eta solidarioa eraikitzea ezinbestekoa dela berdintasunean oinarritutako mundu justuagoa lortzeko.
Etengabe ikasteko prozesu honetan behar-beharrezkoa da ditugun ezagutzak partekatzea eta ezagutza berriak sortzea. Horregatik, aldizka, lantzen ditugun gaien inguruko mintegiak antolatzen ditugu: kulturartekotasuna, hezkidetza, kontsumo arduratsua, garapen iraunkorra, partaidetza, espiritualtasuna, generoa, desberdintasuna, fiskalitatea, etab.
Xedea da gure proposamenak behar bezala zehaztea, prestakuntza jasotzea eta proposamen horiei buruzko prestakuntza ematea askotariko publikoari.
HEGOALDERA HURBILDUZ
“Hegoaldera Hurbilduz” izenburupean, ALBOANek hainbat ikastaro eta mintegi antolatzen ditu, hegoaldeko herrialdeetako errealitateari buruzko kontzeptuen eta egoera horrek gure gizarte, bizimodu eta kontsumo-ereduekin duen loturaren berri emateko.
Edonork jaso dezake prestakuntza hau, baina bereziki nazioarteko boluntariotza-programetan parte hartzeko interesa dutenentzat dago pentsatuta; hain zuzen ere, boluntarioen zereginari eta etorkizunean biziko duten esperientziari buruz hausnartzen lagunduko die.
