
CANTERA - Nicaragua
Nikaraguako Komunikazio eta Herri-Hezkuntzako Zentroa-(CANTERA) nekazal-eremuan eta hirietan giza-sektore popularren garapen integralaz arduratzen den gobernuz kanpoko erakunde bat da. 1988an jaio zelarik, 30 urteko ibilbidea egin du dagoeneko.
Generoa du zeharkako lan-ardatzetako bat, eta horren bidez gizon zein emakumeen kultura eta identitate patriarkala desegiteko lanean lagundu nahi du, bai eta ekitatezko eta konpromiso politikozko harreman berriak eraikitzen ere, hartara gizartea aldatu dadin. 2015etik aurrera Genero-Politika Instituzionala du.
Emakumeek lehentasuna dute garatzen dituen programetan, esaterako landa-garapeneko programan, zeinaren bidez emakumeen kooperatibak eratu eta abian jartzeko prozesuak sustatu baititu; hor dago baita lidergoan eta espiritualitatean prestatzeko proposamenak; emakume liderrek eta emakume antolatuen ordezkariek hartzen dute parte horietan. Gainera, duela zenbait urte hasita, hezkidetzaren inguruko hausnarketa eta eraikuntza kolektiboko guneak garatzen ditu.
CANTERA erreferentziazko erakundea da, herri-hezkuntzaren ikuspegitik abiatuta genero-ekitateari eta maskulinitateei buruzko bere proposamen metodologiko eta formatiboei esker. Izan ere, bera da Genero eta Metodologiei buruzko Eskualdeko Plataformaren (Plataforma Regional Género y Metodologías) buru; Plataformak generoko hainbat metodologia eta tresna biltzen ditu, genero-harreman justu eta iraungarriago batzuetara aldatzeko prozesuak sendotzeko.