Skip to main content

Santiago Manuin, in memoriam

Santiago Manuin

Santiago Manuin Varela, Awajún herriaren liderra, 2020ko uztailaren 1ean hil zen. ALBOANeko aspaldiko laguna izanda, Javier Arellano Yanguas-ek ondorengo lerroak idatzi ditu bere oroimenean. Arellano ALBOANen zuzendari izan zen 1996tik 2006ra, eta gaur egun Deustuko Unibertsitatearen Etika Aplikatuko Zentroaren zuzendaria da.


Pamuk Santiago Manuin: aparteko zerbitzari baten bidea

Santiago Manuin Kuiten jaio zen, Domingusako haitzartean, 1957an. COVID-19az gaixo hil zen, 2020ko uztailaren 1ean, Chiclayoko ospitale batean. Bere familiak, awajun¸ herriak eta bere lagun guztiek haren joana deitoratzen dugu gaur. Erreferentzia garrantzitsu bat galdu dugu gure bizitzan. Santiago pamuk bat izan zen: ikusmolde espirituala lortu duen norbait; besteak gidatzeko gai den norbait, zerbitzu zintzoan emandako bizitza osoak frogatu duelako haren aginpidea.


Santiago Manuin Aguaruna Huambisa Kontseiluaren (CAH) presidente hautatu zuten 1991an. Awajun eta wampi herrien erakunde indigena handia da CAH. Nik 1991ko urrian ezagutu nuen Santiago, Santa Maria de Nievan, eta bi urtez aritu nintzen harekin lanean. Lehenengoz ezagutu nuenean, hunkituta geratu nintzen. Talde armatuen (MRTA eta Sendero Luminoso) eta narkotrafikatzaileen aurrerabideari galga jarri nahi zion, bere lurraldearen osotasunari eutsi eta bere jendea defendatzeko. Bere borrokaren ondorioz, mehatxupean bizi eta egun bakoitzean leku desberdin batean lo egin behar zuen. Lehen une hartan egin zizkidan gomendioek markatu egin ninduten: guri laguntzera zatoz, baina geu gara buru; eman ahal duzuna, berdinetik berdinera; jakin ezazu gutxi dakizula gure bizitzari eta oihanari buruz; galde egiguzu, ikasi, eta ez egin iritzi azkarrik. Une hartan titan bat zen Santiago, hala deitzen zioten bere kideek. Haren indar fisikoa, ausardia, gizarte harremanetarako gaitasuna, dinamika politikoak ulertzeko zolitasuna, alaitasuna, eta zerbitzurako sena apartekoak ziren. 


2005a samin eta aldaketa urtea izan zen. Bere lehen emaztea, Angélica, eta alabatxoa erditzean hil ziren. Gertakari horren ondoren, berriz planteatu zuen bere bizitza. Oraindik titan bat zen, baina sentiberagoa eta zaurgarriagoa. Asko hunkitzen du titan bat negarrez ikusteak. Biok egin genuen negar. Hurrengo urteetan berriz konektatu zuen bere herriaren esperientzia espiritualarekin, eta lider politiko eta espiritualak prestatzeko lanean jarraitu zuen. Bere seme-alabekin harremana berreskuratzeko eta, Justinarekin batera, familia handia eraikitzeko denbora bat izan zen, halaber. (...) Ez da arraroa, 2008an, meatzaritza- eta petrolio-enpresekin eta Alan Garcíaren gobernuarekin gatazkak hasi zirenean, Santiago aukeratu izana indigenen lurrak saltzea errazteko dekretuen aurka mobilizazioak antolatu zituen batzordearen presidente izateko. 


2009ko uztailaren 5ak, Curva del Diablon, Baguatik gertu, aldi berri bat markatu zuen bere bizitzan. Egun hartan, awajun eta wampi indigenek hilabete baino gehiago zeramatenean protestan, poliziaren jarduerak sarraskiari eman zion bide. Santiago aurrean jarri zen, eskuak jasota, tiroak geldiarazi nahian. Bala batzuek abdomena zeharkatu eta larri zauritu zuten. Nik Chiclayoko ospitalean aurkitu nuen. Fisikoki eta moralki zegoen minduta. Ez zuen ulertzen gobernuak haien kontra tiro egiteko agindua ematerik. Hala ere, energia etorkizunean jarrita zuen jadanik: baketzean, herria baturik mantentzean eta gazteak prestatzean. Bala horien ondorioek eta buruzagi indigenen jazarpen judizialak kalte egin zioten osasunean. Ordutik aurrera, gutxi geratu zitzaion aurreko indar fisiko miragarritik. Hala ere, sakontasuna irabazi eta bere esperientzia espirituala indartu zuen. Agertutako jokabide heroikoak eta elkarrizketarako senak haren aginpidea sendotu zuten. 


Santiagok Ajutapekin elkartzeko bideari jarraitu zion atzo, bere bizitza haren esku utzirik. Bere alabatxoa eta aurretik izan genituen guztiak besarkatu zituen. Bizirik jarraitzen du, bere herriari bizia ematen dion eta maitatu eta defendatu zuen oihana sostengatzen duen Espirituan. Familia handi bat eta jakituria, eskaintza eta zintzotasunezko legatua utzi du atzean. Bere lagunentzat eta inspiratu zituen erakundeentzat, “bihotz arduratsua” lantzeko gonbita da haren bizitza; hau da, kezkatzen eta beharrei erantzuten dien bihotza. 

Javier Arellano Yanguas

 

[[{"fid":"3954","view_mode":"default","fields":{"format":"default","field_file_image_alt_text[und][0][value]":false,"field_file_image_title_text[und][0][value]":false},"type":"media","attributes":{"height":"463","width":"486","class":"media-element file-default"}}]]