Martxoak 8, anitzak eta elkarturik, askotariko diskriminazioen aurrean

Alboan Alboan
08/03/2021
Martxoak 8

Alboan fundazioan, bat egiten dugu eskubideak ukaturik dituzten eta bizitza hainbat diskriminazio eta indarkeriaren erruz markatuta duten emakumeekin; kontuan harturik diskriminazio horiek, hain zuzen, ugaritu direla gaurko pandemian. Aniztasuna eta testuinguru ezberdinak aintzat hartuta, emakumeak egunez egun borrokatzen ari dira askotariko desberdinkeriak deuseztatzeko, eta borroka horren bitartez bizitza defendatu eta babesten dute.

 

Askotariko diskriminazioak eta indarkeriak

Aurtengo martxoaren 8an, emakumeek sufritzen dituzten askotariko diskriminazioen multzoa ikusgai egiteko eta horri erantzuna emateko beharra nabarmendu nahi dugu egitura-sistema globalean.

Feminismo intersekzionaletik ikus dezakegu nola emakumeek bizi dituzten zapalkuntzak eta diskriminazioak gurutzatu egiten direla. Arrazak, klaseak, aniztasun funtzionalak, jatorriak… etab., emakume izateari lotuta, modu berezian eragiten dute eskubideak eta aukerak lortu ahal izateko. Funtsezko abiapuntu horretatik, emakumeen aniztasunak eta askotariko diskriminazioen esperientziek bideratzen gaituzte hainbat bizipen entzun eta ulertzeko:

Indiako Hegoaldeko alargunak, Peruko emakume nekazariak, Kongoko desplazatuak, edo Hondurasko migratzaileak. Desberdinkeriek eta indarkeriek ez daukate ez mugarik ez latituderik,  zeren hemen ere emakumeok horrelakoak bizi baititugu, gure ingurune hurbilean, gure auzotegi, herri eta hirietan.

 

Erakunde aliatuak

Berdintasunarekin daukagun konpromisoak berekin dakar bideak eta esfortzuak partekatzea munduko lurralde ezberdinetako erakunde aliatuekin.

Horrela, Guatemalako Puente de Paz erakundea elkarturik dago Q’eqchí emakume indigenen sareekin, beren eskubideak defendatzeko menderatze, zapalkuntza eta arrazismoen aurrean.

Intelta-Radio Cutivalú eta SEA, Perun, emakumeen elkarteen ondoan ari dira beren partaidetza eta eragina sendotzeko, Lege Nazionalaren inguruan, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta desagerrarazteko.

Nikaraguan, CANTERA erakundeak lanean jarraitzen du herri hezkuntzan, berdintasunezko harremanak eraikitzearen alde, batez ere gazteen artean, eta bereziki berdintasunezko maskulinitateei begiratuta.

Indiako IWID erakunde feministak kasta, klase eta jatorri ezberdineko emakumeekin dihardu lanean. Eta horiei laguntzen jarraitzen du, eskubide ekonomikoak erreibindikatzeko (lursailak edo nekazaritza agroekologikoa lortzea), baita, Emakumeen Parlamentu Alternatiboen bidez, beren eskubide politikoak lortzeko ere.

 

 

Halaber, gure konpromisoa mantentzen dugu emakumeen aurkako indarkeria guztien kontra borrokatzeko. Munduko hainbat lurraldetan, emakumeek indarkeria mota ezberdinak pairatzen dituzte emakume jaiotzeagatik: indarkeria zuzena, fisikoa, sexuala edo psikologikoa; indarkeria kulturala, familia barruan, eta gizartean, gobernuek eta erakundeek ezarritakoa; indarkeria estrukturala, gerretan eta gatazka armatuetan. Kasu askotan, aldi bereko dimentsio batzuetako indarkeria sufritzen dute emakumeek, eta, horrela, indarkeriaren espirala sortzen da.

Adibidez, Kongoko Errepublika Demokratikoan, SFVS Synergie des Femmes pour les Victimes des Violences Sexuelles  erakunde aliatuak sustatu egiten du herrialde horretan sexu-indarkeria pairatzen duten emakume eta neskatoen ongizatea eta gizarteratzea. Aktiboki ari da lanean, indarkeriaren biktimei laguntzeko arlo ezberdinetan: psikosozialean, legalean, eta laneko munduan.

Erakunde horrek ere “Emakumeak martxan” programan parte hartzen du. Bere helburua da indarkeriatik bizirik atera diren emakume eta neskatoei laguntza ematea, Afrikako migratze-testuinguruetan. Sekuentzia argia da: jatorriko lurraldean indarkeria sufritzeagatik migratzeko erabakia hartzen dute. Eta, behin migratze-bidaian sarturik, ibilbidean ere pairatzen dute indarkeria, seguruak ez diren bideen barruan egonda. Helmugara iristean, zapalkuntza, xenofobia eta bazterkeria topatzen dituzte.

Hemen kontsultatu ahal duzu programa hau, baita elkarlanean izan ere:

https://www.alboan.org/es/emakumeok-martxan-covid19

 

Martxoaren 8an, eguneko erreibindikazioak partekatzen ditugu, baita emakumeek egiten duten benetako berdintasunaren aldeko aldarrikapena ere. 

Kategoria: