Skip to main content

Emakumeek migrazio-bideetan pairatzen duten sufrimenduari ahotsa ematea

Mujeres migrantes en Nador

Sabina Barone. Mieza-ALBOAN programa

 “Dans la route, il y a la souffrance…”, “bidean, sufrimendua dago…”. Horixe esan didate emakume migratzaileek behin eta berriz haiekin egon naizen bakoitzean eta haiekin izan dudan hizketaldi bakoitzean, 2017ko irailean Marokoren iparraldean egin dudan bi asteko bidaian. Saharaz hegoaldeko Afrikako hainbat herrialdetatik irtendakoak dira, eta arriskuz betetako ibilbideetan aurrera eginez iritsi dira Marokora. Leher eginda daude, eta haietatik asko, gainera, traumatizatuta, bizi izan duten edo ikusi duten indarkeria dela-eta. Egunez egun borrokan dihardute bizirik irauteko, eta, aldi berean, barruak jaten dizkien zalantza bat dute, ez baitakite Europara iritsiko diren edo hobe luketen geratu eta Maroko aukeratu helmuga-herrialdetzat.

Testuinguru horretan kokatu behar da Mieza-ALBOAN programaren abiapuntua. Emakume eta neskato errefuxiatuak eta desplazatuak ahalduntzea da lau urteko programa horren helburua, eta heldu egin nahi dio giza-taldeen mugimenduei lotutako indarkeria-dinamikek (barne-desplazamenduei, nazioarteko babesari eta migrazioari lotutakoek) emakumeengan eta neskatoengan duen eraginari, lagungarri izango delakoan, haiek onbideratzeko eta haien autonomiaren eta ongizatearen alde egiteko. Helburu hori lortze aldera, ikerlan bat egingo da lehen fase batean, 2017ko irailetik 2018ko ekainera bitartean, indarkeriaren biktima izan diren neskatoek eta emakumeek beren kabuz azal ditzaten beren beharrak, grinak eta itxaropenak. Afrikako zenbait herrialdetara bidaiak egingo dira (Angolara, Kamerunera, Etiopiara, Kenyara, Marokora, Afrika Erdiko Errepublikara, Kongoko Errepublika Demokratikora eta Hegoafrikara), emakume horiekin elkartzeko eta hobeto jakiteko zer-nolako lana egiten duten haien alde Tangerreko Elizbarrutiaren Migrazio Delegazioak (Maroko), Errefuxiatuen aldeko Jesuiten Zerbitzuak eta ALBOANen tokiko beste bazkide batzuek.

Migrazio Delegazioak Tangerren, Tetuanen eta Nadorren dituen tokiko taldeen laguntza eskuzabalari esker, ALBOANeko lantaldea, Mateo Aguirre SJ eta Sabina Barone, zenbait emakumezko migratzailerekin hitz egiten izan da. Sufrimendu hitza behin eta berriz entzuten da haien kontakizunetan, ia mantra bat balitz bezala. Batzuetan, egoera mingarrien xehetasunak ez ematearren erabiltzen dute hitz hori, eta, beste batzuetan, berriz, beren buruari kemena emateko. Sarritan, kode bat da, eta ibilbide hori egin eta infernu horiek berberak ezagutu dituztenek baino ez dute ulertzen zer esan nahi duen benetan. Apurka-apurka, elkarrizketak nolabait azalarazten dituzte hitz horren atzean dauden indarkeria-egoera espezifikoak, emakume bakoitzak besteena ez bezalako historia bat baitu kontatzeko. Kontakizun horiek, elkarrekin jartzen direnean, indarkeriaren irudi lazgarri bat osatzen dute. Garraiolarien estortsioak, sexu-esplotazioko sareek edo funtzionario publikoen erasoek, mugak igarotzean egindakoek batez ere, elkarrizketatutako emakumeen migrazio-esperientzia markatzen dute. Batzuek espetxeak eta tokiko poliziaren xantaia zer diren ikusi zuten; beste batzuek, berriz, bidaia eten beharra izan zuten, eta, bidearen hurrengo etapa egiteko dirua lortuko bazuten, eskean ibili edo prostituitu beharra izan zuten. Batzuek beren herrikideen laguntza apur bat izan zuten, eta, nolabait esatearren, bide seguruagoak hartzeko aukera; beste batzuei, berriz, iruzur egin zieten, eta zenbait hilabetez bahituta izan zituzten.

[[{"fid":"1665","view_mode":"default","fields":{"format":"default","field_file_image_alt_text[und][0][value]":false,"field_file_image_title_text[und][0][value]":false},"type":"media","attributes":{"height":"425","width":"567","class":"media-element file-default"}}]]

Legez kanpo ibiltzera kondenatu dituzte munduaren iparralde globalak migrazioa mugatzeko jarritako legeek, gero eta gehiago hegoaldeko herrialdeetara esportatzen ari direnek, eta, ondorioz, emakumeak eta, azken batean,  migratzen duten pertsona guztiak babesgabe geratzen dira erasotzaileen abusuen eta inpunitatearen aurrean.  Jasotako kontakizunek agerian uzten dituzte egungo migrazio-politiken ondorio makurrak, lege horiek kalte egiten baitiete jada beren sorterrian gerrek, pobreziak, behartutako ezkontzek, indarkeria domestikoak eta abarrek kaltetutako pertsonei eta giza taldeei.

Emakume horiei entzunda, haien seme-alabak aurkituta, lagundu egin nahi izan zaie, deshumanizazioaren aurrean protagonismoa berreskura dezaten eta jasan dituzten indarkeria mota guztien aurrean ahotsa izan dezaten. <0} Horrez gain, ageriko egin dira haien erresistentzia, indarra eta aurrera egiteko kemena, askok galdu ez duten bizitasun alaia, eskuzabaltasuna eta, azkenik, beraientzat eta familientzat etorkizun hobe bat izateko ametsak. Horixe da, hain zuzen, Mieza proiektuaren apustua datozen lau urteei begira: emakume migratzaileak, errefuxiatuak eta desplazatuak ahalduntzea, sufrimenduak azken hitza izan ez dezan eta abagune bat izan dezaten aukeratzeko eta bizitza duina eraikitzeko.