COVID-19 larrialdi globala

Alboan Alboan
06/04/2020
COVID-19 larrialdi globala

Covid19 pandemiaren aurrean, lanean ari gara pertsona eta komunitate kalteberenei lagundu ahal izateko. Gure inguruan eta munduko leku askotan bizi dugun egoerak kezkatzen gaitu. Hainbat tokitan osasun- eta gizarte-baldintzak are latzagoak dira, egoeraren aurrean erantzuteko gaitasun eskasa dago eta osasun-zerbitzuak oso ahulak dira, edota ez dira existitzen. Horrelako baldintzetan diharduten gure erakunde aliatuek, Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuita, Fe y Alegría eta beste Gizarte Zentro batzuk erantzun arina eta konprometituta eskatzen digute gaur egun.

Egoera horri erantzuna emateko, ALBOAN eta Entreculturas erakundeetatik hainbat ekintza burutzeko laguntza ematen dugu gure lankidetza eskaini ohi duguneko lurralde askotan, ALBOANen kasuan India, Afrikako, eta Latinoamerikako 22 herrialdeetan:

 

    ​1. EKINTZA HUMANITARIOA

    Laguntza ere ematen diogu populazio lekualdatu, errefuxiatu eta migratzaileari, gatazka-testuinguruetan eta iragaitzazko eta harrerazko herrialdeetan. Beren egoera larria da: zeren eta, alde batetik, barneko lekualdatzea gertatzen baita gerra eta gatazka armatuengatik osasun-sistemak eta bestelako oinarrizko zerbitzuak suntsiturik dituzten herrialdeetan; beste alde batetik, errefuxiatuek, bestelako herrialdeetan daudelarik, ez baitute kalitatezko osasun arreta edo beste zenbait oinarrizko zerbitzu jasotzeko aukerarik. JRS Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuarekin batera, gure ekintzak helburu hauek ditu:

    • Elikagaien kiten banaketa: desnutrizio-egoera leuntzeko, egoera horretan sistema immunologikoa ahultzen baita.
    • Higienerako kiten banaketa: ura, xaboia, eskularruak, babes-maskarak…
    • Elikagaiak ez diren ondasunen banaketa: mantak, garbiketa pertsonala egiteko ontziak, senideekin hitz egiteko telefono-txartelak, etab. 

     

    Kolonbian, Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuak laguntza juridikoa eta arreta psikosoziala eskaintzen jarraitzen du, baina telefonoz egiten da orain. Horrez gain, gomendatutako prebentzio-neurriak aintzat hartuta, familia migratzaileei eman ohi zaien laguntza humanitarioa mantentzen du. Tamil Nadun, Indian, errefuxiatuen kanpamenduetan, emakumeak babes-maskarak egiten ari dira, populazioa babesteko.

     

    2. HEZKUNTZA

    COVID-19aren hedadurak sortu duen beste ondorio bat hainbat herrialdetako eskolak ixtea izan da. UNESCOk eskainitako datuen arabera, hezkuntzarako eskubideak honelako kaltea jaso du: 188 herrialdetako ikasleen %89,5 kalteturik geratu da pandemiaren ondorioz.

    Testuinguru honetan, Fe y Alegría erakundearekin batera, online eta irrati bidezko hezkuntza bultzatzen ari gara, baita eskola-materiala banatu ere.

    Lanean ere aritu ohi gara, adingabeenganako abusuak eta indarkeria gertatzen direnean. Eskolak bake-guneak dira, indarkeriatik urruneko toki seguruak, bertan zauri traumatikoak sendatu ahal izateko. Eskolara joan gabe, milioika haurrek abusuak eta indarkeria pairatzeko arrisku handiagoa daukate. Horregatik, ekimenak identifikatzen ari gara, adingabe eta gazte kalteberei arreta eta laguntza eman ahal izateko.

     

    3. ELIKADURA-SEGURTASUNA

    Gure lana garatzen deneko hainbat herrialdetan, konfinamendurako neurriak ere ezarri dira, eta, hori dela-eta, zailagoa egiten zaigu jende askorentzat elikagaiak erostea. Afrikan, Latinoamerikan eta Indian (Gujeraten eta Tamil Nadun), hainbat erakunde aliatu elikagaiak banatzen ari dira kalteberagoak diren herritarren artean. Nekazariak eta komunitate indigenak dira egoera honetan zailtasun gehien dituzten populazioak.

     

    Eskolak bertan behera uzteak berekin dakar ondorio asko: hezkuntzarako eskubidea galtzeaz gain, elikadura izateko eskubidea ere kalteturik gertatzen da. Hamaika herrialdetako haurrek eguneko janari garrantzitsuena egiten dute eskolako; beraz, klaseak kentzeak eragin zuzena dauka elikadura-segurtasunean. Egoera horren aurrean, Fe y Alegría erakunde aliatua testuinguru berrira egokitzen ari da bere lana, elikagaiak banatzen jarraitzeko.

    Indian, bideak ezarri dira kalteberagoak diren pertsonek gobernuko zenbait laguntza jaso dezaten. Erakunde aliatuekin batera ari gara lanean, emakume alargunek laguntza horiek ezagut eta erabil ditzaten. Horrez gain, Gujeraten zein Tamil Nadun, elikagaiak banatzearren dihardugu lanean.

     

    4. INDARKERIA AREAGOTU DAITEKEENEZ, EMAKUMEAK, NERABEAK ETA NESKATOAK BABESTEA

    Gure lana garatzen deneko herrialdeetan, krisialdiaren eragina oso latza izan daiteke emakume eta neskatoengan, eskola izaten baita neskato eta gazte askorentzako babes eta segurtasun lekua, inguru ezberdinetan jaso dezaketen indarkeriaren aurrean, etxean, komunitatean zein errefuxiatuen kanpamenduetan. Konfinamenduaren ondorioz, beraienganako abusuak areagotu daitezke: etxeko lan eta zainketa gehiegi egitea, edo beste indarkeria-mota batzuk jasotzeko arriskua areagotzea (neskatoen salerosketa edo esplotazioa).

    Horregatik, gure erakunde aliatuekin batera, lanean jarraitzen dugu, kasu horiei jarraipena egiteko, eta, ondorioz, arreta emateko eta laguntza psikosoziala eskaintzeko.

     

    5. GERTUKO BERPIZTE EKONOMIKOA

    Krisialdiaren eragin ekonomiko gogorraren aurrean, diru-sarrerak sortzeko egitasmoak eta ekimenak identifikatzea.

     

    6. KUTSATZEA MINIMIZATZEKO PREBENTZIOA ETA SENTSIBILIZAZIOA  

    • Behar-beharrezko garbiketa-tresnak banatzea: ura, xaboia, eskularruak, babes-maskarak…
    • Oinarrizko praktika higienikoei buruzko prestakuntza, banaka zein komunitatean erabiltzeko.
    • Prestakuntzaren barnean sartuko lirateke: neurri prebentiboak (eskuak garbitzea), birusaren kutsatze-bide nagusiak jainaraztea, eta, sintomak izatean, jarduteko protokoloak. Irratsaioen bidez sentsibilizatzea.
    • Sare sozialen eta material inprimatuen bidezko mezuak zabaltzea, birusari buruzko oinarrizko informazio erraza eta egiazkoa jakinarazteko (prebentzio-ereduak, nola kutsatzen den…).

     

    Lagundu nahi duten pertsona guztiek honela egin dezakete:

    .- Diru-laguntzak Online

    .- Banka transferentziak (BBVA) ES54 0182 1290 3302 0150 7630.  (BANKOA) ES49 0138 0006 4101 0474 6722. ​Titularra: Fundación ALBOAN

    .- Mugikorren bidez: zure bankuaren aplikazioa eta BIZUM: ALBOAN edo 11262 kodea.

    Kategoria: