Goyeneche Fundazioa, lankidetza aberasgarria

Alboan Alboan
07/09/2021
Goyeneche Fundazioa

Azken urte honetan, Goyeneche fundazioko kideek murrizturik izan dute jarduera beren lokaletatik kanpo, COVIDaren eraginagatik hartu behar izan diren neurrien ondorioz. Hala ere, ALBOANek eta Goyeneche Fundazioak lankidetzan jarraitu dute, eta prestakuntza eta boluntariotza jarduerak garatu dituzte Donostian, Amara eta Usandizagako garaguneetan. Elkartasuna, giza mugimenduak eta denon etxearen zainketa izan dira jorratutako gaiak.

Denon etxea zaindu beharrari buruzko hausnarketa, hots, gure planeta zaintzeari dagokiona, oso proiektu berezia izan da Goyeneche taldean, eta erabat onartua, mandala multzoak euskarri gisa erabilitakoa.

Mandala hitz sanskritoak ‘zirkulua’ esan nahi du (manda ‘esentzia’ da eta la, ‘ontzia’). ‘Esentzia daukana’ edo ‘esentziaren esfera’ esanahia ere izan dezake. Zirkulu horietan koloreak margotzeak errazten du gunearekiko lotura, planetarekiko eta beste pertsonekiko harmonia.

Koloreak ipini aurretik, jarduera bat egin zen mandalak zer diren eta zertarako erabili azaltzeko, baita koloreen esanahia, natura zaintzearen garrantzia eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ere.

Koloreak emateko prozesuan, partaideek haurtzaroaren oroimenak eta jasotako hezkuntzari eta Lurra zaintzeko moduei buruzko hausnarketak partekatu zituzten. Parte hartu zuten taldeek mandalak konpartitu zituzten, baita Alboanekin egindako hausnarketak ere. Halaber, beste talde batzuekin lankidetzan aritu ziren pertsona gehiago natura eta denon etxea zaintzera animatu daitezen.

 

Goyeneche Fundazioan, Montse, Guadalupe, Andoni, Sergio, Mª José eta Nicolerekin ari gara

Zer da Goyeneche?

Erakunde bat osatzen dugu, desgaitasun intelektuala duten pertsonei egunez arreta emateko erakundea, hain zuzen. Benetako inklusioa lortzeko eta bizi kalitatea hobetzeko helburuaz ari gara lanean. Aisialdirako jarduerak egiteaz gain, komunitatean parte hartu nahi dugu, eta gustatzen zaizkigun gauzak ere egiten ditugu.

 

Alboanekin, 12 urte baino gehiago eman duzue lankidetzan. Azaldu ahal diguzue zer-nolakoa izan den lankidetza hori?

Urteetan zehar modu ezberdinetako lankidetza izan dugu. Pandemiaren aurretik, astero joan ohi ginen Alboanen bulegoetara bazkideei zuzendutako eskutitzak gutun-azaletan sartzera. Birziklatze lanetan ere aritzen gara, papera eta plastikoa bereizi edo dokumentu zaharrak birziklatu. Gabonetan, egutegiak paketeetan sartzen laguntzen dugu, egutegiak salduko dituzten pertsonei bidaltzeko. Duela urte batzuk, Bidezko Merkataritzako produktuak ere saltzen genituen azoketan edo senide eta lagunen artean. Etekinak Alboanentzat izan ohi ziren. Boluntariotza egunean, Sareginez delako jardueretan ere parte hartzen dugu, Alboan partaidea baita.

 

Pandemiatik hona, ezin izan zarete itzuli lehen egiten zenituzten jardueretara. Nola mantendu dituzue Alboanekiko harremanak?

Pena handia daukagu, pandemiagatik ezin izan gara bulegoetara joan gutun-azaletan eskutitzak sartzera, eta asko gustatzen zitzaigun. Beraz, beste gauza batzuk bilatu ditugu egiteko: koloreetako paparrekoak eta eskumuturrekoak egin ditugu, gero saltzeko. Herritartasun global eta hospitalitateari buruzko zenbait ekimenetan ere parte hartu dugu, baita prestakuntza multzoak jaso eta horiekin loturiko jarduerak gauzatu ere.

 

Zertan datza aurten burutu duzuen prestakuntza?

Gaien arabera sailkatu dira saioak, eta Alboanetik pertsona bat etorri zaigu elkartasun, giza mugimendu eta justizia sozioanbientalari buruz hitz egitera. Prestakuntza jaso ondoren, zenbait eskulan egin ditugu, gero Alboanek antolatuko dituen bestelako prestakuntza saioetan erabilgarriak izan daitezkeenak. Adibidez, memory jokoa egin dugu, Alboanen egutegi zaharrak erabilita. Bota beharrean, birziklatu eta erabili ditugu beste gauza bat, polita eta erabilgarria, egiteko. Gero, ikastetxeetan eskuragarri izan dituzte giza mugimenduen gaia lantzeko.

Jusitzia sozioanbientalaren gaiari ere eutsi diogu, zenbait balio adierazten zituzten mandalen bitartez: maitasuna, tratu ona, natura eta gizatasuna. Horrekin guztiarekin bideoak egin ditugu egoitzetan eta ikastetxeetan erabiltzeko.

 

Zergatik gustatzen zaizue Alboanekiko lankidetza?

Lana gustatzen zaigulako, eta baita laguntzea ere. Jendeari lagundu nahi diogu, gu bezain zorionekoak ez diren pertsonei lagundu. Ahal dugun neurrian laguntzen dugu, eta gustuko ditugun gauzetan. Tankera ezberdinetako talde anitza osatzen dugu, eta bakoitzak ahal duen neurrian eta interesgarria den jardueran eskaintzen du bere lankidetza,.

 

 

Categoría: