Migratzaileen karabana dela eta, Mexiko eta Hondurasekin konektatuta prentsa-bideokonferentzian

Alboan Alboan
30/10/2018
Migratzaileen karabana dela eta, Mexiko eta Hondurasekin konektatuta prentsa-bideokonferentzian

Azken asteotan, kezka handiz bizi izan dugu Erdialdeko Amerikako hainbat pertsonak osatutako “Migratzaileen Karabana” deituriko mugimenduaren egoera. Gehienbat, hondurastarrak dira eta Mexiko eta Estatu Batuetarako bidea hartu dute. Badakigu ziur 10.000 pertsona hondurastar, Karabana horrekin elkarturikoak, egiten ari direla bidea, Honduras, El Salvador eta Guatemalan barrena, Mexiko eta Estatu Batuetarantz abiatuta, babes edo bizitza duinerako proiektuaren bila. Jatorrizko herrian eta komunitateetan gertatzen den krisialdi konplexu, iraunkor eta gero eta handiagoaren ondoriozko exodo jendetsua da hau.

“Migratzaileen Karabana” izeneko mugimenduaren krisiari era egokian aurre egiteko, aintzat hartu behar dira, lehengo eta behin, Karabanaren arrazoiak eta arrazoien sortzaileak. Halaber, beharrezkoa da ulertzea arriskuan dagoen segurtasuna ibilbideko pertsona migratzaileena dela, eta horren zergatiak gizakien arteko eta herrialdeen arteko Hospitalitatearen kultura bultzatzean daukala jatorria: Zer gertatzen da Erdialdeko Amerikan? Zergatik irten dira hainbat pertsona beren herrialdetik at? Nola uler dezakegu exodo hau? Zein segurtasun dago arriskuan?

Entreculturas eta ALBOAN erakundeetan, denbora luzea daramagu gizarte lanetan eta hezkuntzan, Erdialdeko Amerikan eta baita Mexikon dauden migratzaileekin ere, jesuiten erakundeekiko eta gizarte zibileko bestelako elkarteekiko lankidetzan. Egoera honi buruz hitz egiteko, Entreculturas eta ALBOAN erakundeetan prentsarako bideokonferentzia bat antolatu genuen, urriaren 29an. Bertan, Honduras eta Mexikorekin egin genuen konexioa, berriaren bi guneetatik egoerari heltzeko.

Ekitaldira 32 pertsona bertaratu ziren: horien artean, komunikabide espainiarren 11 kazetari egon ziren. Bideokonferentzia Madrilen garatu zen, Entreculturas erakundearen egoitzan. ALBOAN era konektatuta egon zen Bilboko egoitzatik, moderatzailea Cristina Manzanedo izan zelarik, Entreculturas erakundearen Migrazioen arduraduna. Horrela, entzun ahal izan genituen hainbat testigantza:  Aita Ismael Moreno SJ (Aita Melo), ERIC-Radio Progresoko arduraduna, Hondurasetik konektatu zena, eta Andrea Villaseñor, Mexikoko Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuita erakundeko Zuzendaria, Mexikotik harremanetan jarri zena. Biek hamar minutuko mintzaldia mantendu zuten karabanaren jatorriak izan zituen arazoei buruz (Honduras, Aita Melorekin), eta Mexikon barrena egindako ibilaldiari eta Estatu Batuetako mugara ziurtasunik gabeko iritsierari buruz (Villaseñorrekin).

Jesuitak argi azaldu zuen migratzaileen karabanak “gainditu zituela gure analisi guztiak eta oso egoera konplexuan kokatzen gaituela; hain konplexua da, ezen pentsaezina baita toki- zein herrialde-mailako erantzuna ematea”. Exodo jendetsu honek sortutako egoera aztertu zuen, baita azpimarratu ere Hondurasek sufritzen duen desberdintasun-maila itzela. “Presio-eltzea” adierazpena erabili zuen egoera deskribatzeko: “Hondurasen, etengabe eta mugarik gabeko aberastasunak esku gutxitan pilatzea izan da garapenaren eredua, eta eredu horren suak astindu du egoera”, adierazi zuen. Eta, horretarako, datuak eman zituen: “Hondurasen, 9 milioi biztanle bizi dira, eta, horien artean, 6 milioi ekonomia formaletik at daude -horrek esan nahi du populazioaren %70 direla- eta 4 milioi, gutxienez, langabezian daudela”.

 

Garapenaren eredua kuestionatu

Aita Melok azaldu zuenez, aipatutako egoera konpontzen saiatzeko proposamenak kuestionatu behar du garapenaren eredua, lekualdaketak ekartzen baititu, eta, horretarako, askoren baterako sareak ere sortu behar dira, baita gizarte-inklusiorako ereduaren aldeko proposamen alternatiboa landu ere.

Bestalde, Andrea Villaseñor arduradunak azaldu zuen Mexiko DFtik nolakoa den migratzaileen gaurko egoera, Mexiko herrialdea zeharkatzean. JRS erakundearen kezka nagusiak dira atzeratuta geratzen ari diren pertsonak: “Hidalgo hiritik gaur egun daudeneko tokira (Tapanatepec hirira), gutxiago dira heldu direnak, 7.300tik 6.000ra. Jatorrizko herrira itzultzea eskatu dute 1.000 pertsona inguruk (hondurastarrak dira gehienak).

Ohar baikor gisa, Villaseñor arduradunak adierazi zuen gizarte zibilak izan duen erantzuna gero eta zabalagoa izan dela. Horren arabera, migratzaileen karabanak Chiapasetik igaro zenetik populazioak bere laguntza eskaini dio karabana osatzen duen jendeari. Gainera, nabarmendu zuen “Mexikon 110 milioi biztanle garela, eta datozen pertsonei harrera emateko gaitasuna badaukagula”, eta azpimarratu zuen migratzaileak kriminalizatzeko mezuak deuseztatu ahal direla eta, horretarako, argi azaldu pertsona horiek bizitza hobe baten bila datozela.

Aita Melok eskertu zien Entreculturas eta ALBOAN erakundeei topaketa hau antolatzea, horrela entzun daitezkeelako Hondurasen ahotsak: “ gu ez gaituzte gonbidatzen eztabaidetara. Gure aliatuen bozgorailuen bitartez hitz egin behar dugu”.

Estekak

Europa Press: https://www.europapress.es/epsocial/migracion/noticia-activista-jesuita-...

Deia: https://www.deia.eus/2018/10/30/mundo/la-caravana-migrante-que-desafia-a...

El Sur: https://www.diariosur.es/internacional/detendran-compensen-volver-201810...

Categoría: