Consuelo Soto: “Justizia eskatzen dugu, Tolupan herria desagertuko baita, legea errespetatu ezik".

Alboan Alboan
12/03/2018
Consuelo Soto

Consuelo Soto Honduraseko San Francisco de Locomapako tolupan herriaren lider indigena da, Yoro departamenduan. Tolupan herria 10.000 pertsonak baino gehiagok osatzen dute. 12 komunitatetan banaturik, oso sarbide zaila daukaten errepideen bidez daude komunikatuta haien artean. Historiaren arabera, gaur egun Honduras izenaz ezagutzen dugun herrialdeko lehenetarikoak izan ziren Tolupan herriaren biztanleak. Historiagile batzuen ustetan, herri hau duela 7.000 urte baino gehiagotik existitzen da, Maiak baino lehenago ere. Naturako ondasun oparoak ditu bere eskualdeak, eta hainbat enpresak lurraldea bereganatu nahi dute, zura eta antimonioa erauzteko.

Global Witness 2017 txostenak adierazten duenaren arabera, Honduras herrialde arriskutsuenetarikoa da ingurumena defendatzen duten pertsonentzat, Erdialdeko Amerikako herrialde honetan 120 pertsona baino gehiago hil baitituzte, 2010. urtetik hona bakarrik, beren lurretan presa, meategi, baso-mozketa edo nekazaritzaren aurka azaltzeagatik. Testuinguru horretan bizi eta lanean ari da Consuelo Soto. Movimiento Amplio por la Dignidad y la Justicia (MADJ) mugimenduaren kidea da Consuelo. Erakundeak gutxiengo indigenen giza eskubideen defentsa du helburu. 2017. urtean, Carlos Escaleras sari nazionala eman zioten Sotori, eta Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak kautelazko neurriak eman dizkio, heriotza mehatxuak sufritzeagatik, baita bere inguruneko segurtasun-gabeziagatik ere.

 

Zer-nolakoa da Honduraseko emakume indigenen borroka?

Emakume indigena asko etxeko indarkeriaren biktimak dira, eta anonimatuan geratu ohi dira mota horretako kasuak. Gure borroka zaila izan da gure senarrek ez baitute gustuko emazteak etxetik ateratzea bileretara joateko eta beste emakume batzuekin elkarte batean antolaturik egotea. Pazientzia handia eduki behar da etxe batera heltzean, emakumea kontziente izan dadin lortzeko eta kolaboratzen hasteko. Nik neuk bizi izan ditut senarrekiko eztabaidak, kexatzen baitira beren etxeetara eragoztera joateagatik. Gizon horiei bakarrik interesatzen zaie beren emazteek etxea, seme-alabak eta janaria zaindu ditzaten.

Baina, dagoeneko hogeita hamar emakume bagaude antolatuta. Zuzendaritza-taldea ere badugu eta horrek errazten digu komunitateekiko lana, eta borrokan emakume gehiago elkartuko ditugulako itxaropena ere badugu.

 

Zein zailtasuni egin behar diozue aurre?

Komunitateen arteko distantziak ez du laguntzen. Batzuetan, hiru edo lau orduz ibili behar dugu eta bidea arriskutsua da: “zona beroak” dira, enpresek kontratatutako sikarioak aritzen baitira. Gutariko asko mehatxaturik gaude eta eskualde horietatik joan behar dugu komunitateetara heldu eta emakumeekin hitz egiteko. Topatu ohi dugun beste arazo batek osasunarekin dauka zerikusia, eskualdean emakume eta haur askok desnutrizioa daukate. Emakume ugari arrazoi horregatik hiltzen dira, batez ere haurdunaldian eta erditzean, ezin baitute eutsi. Eskualdean, badago osasun-zentro bat, baina ez da nahikoa laguntza, 20.000 biztanleko populazioa izanda, erizain bat bakarrik ari baita lanean arreta emateko.

 

Nork laguntzen dizue zuen borrokan?

Honduraseko Jesusen Lagundiaren Hausnarketa, Informazio eta Komunikazio Taldeak (ERIC) laguntzen digu, baita Bizitzaren aldeko Emakumeen Foroak ere. Talde hori emakumeen 17 erakundek eta emakume independenteek osatutako plataforma da: indarrak biltzen dituzte emakumeen Giza Eskubideen defentsan, Honduraseko ipar-mendebaldeko eskualdeetan. Orain, hasi genean baino indar handiagoa daukagu. Pozik gaude, guretzat lan handia izan arren, nahi genuenaren zerbait lortu baitugu. Ni gizon talde batekin hasi nintzen nire borrokan. Talde horretan, bi emakume besterik ez geunden, eta uste nuen emakume gehiago egon beharko liratekeela borrokatzeko gogoz. Tolupan tribuetan emakume asko daude. Eta erabaki nuen gure borrokan emakume gehiago elkartzea. Orain, talde ona osatzen dugu, eta manifestatzeko prest gaude. Batzuetan, desadostasunak daude emakume eta gizonen artean, gizonek gune gehiago hartu nahi dutelako, eta gu etxean gera gaitezen. Baina, orain hori bukatu da, eta emakumeok kalera irteten gara protestatzera. Borroka horretan, presentzia horrek poz handia ematen dit borrokan aurrera egiteko.

 

Zer-nolakoa da enpresekin duzuen harremana?

Ez daukagu harreman zuzenik, gu beldurtzen saiatzen direlako. Telefonoz eta postaz mehatxatzen gaituzte. Borrokatzeari uzteko eroskeriak eskaini dizkidate. Beti erantzuten dut nire herri osoaren izenean ezin dudala erabakirik hartu, bere iritzia errespetatu behar baitut. Nire lagunek esaten zidaten neure burua ezin nuela hainbeste arriskatu, eta agintariei salaketak aurkeztu genizkien, baina ez zuten ezer egin. Komunitate batera gindoazela, ohartarazi ziguten ibilbidea aldatzeko, guri eraso egin nahian zebiltzan-eta. Hori guztia salatu arren, arazo larriena da agintariek ezer egiten ez dutela. Zerbait egin izan balute, inor ez zatekeen hilko… 2013. urtean mehatxuak jaso eta nire bila etorri ziren, baina ez ninduten harrapatu. Orduantxe hil zituzten  nire lagun María Enriqueta Matute, eta komunitateko beste bi lagun. Sikarioak, motorrez, 20 minutura bakarrik bizi ziren. Sikario horietako bat harrapatu zuten, baina bestea libre dago. Ikusiko dugu legea betetzen den.

 

Zer eskatzen diozu etorkizunari?

Justizia eskatzen dugu, legea errespetatzen ez bada, tolupan herria desagertuko baita. Gure eskubideak biltzen dituzten antzinako jabetza-tituluak ditugu, baina ez dira errespetatzen. Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE-OIT) 169. hitzarmenak herri indigenen eta tribalen eskubideak bermatzen ditu, baina, atera dituzten titulu osagarrien bidez, hausten ari dira, gure lurraldeak saldu ahal izateko. Hori guztia salatu dugu, baina agintariek ez dute kasurik egiten. Badakigu gure erreibindikazioak beharrezkoak direla, onak baitira gure komunitate osoarentzat: emakume, haur eta zaharrentzat.

 

 

Categoría: