Skip to main content

EZ GARA JAITSIKO!: abentura berriak datoz Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin

Duela urtebete Pirritx, Porrotx eta Marimots pailazoekin abenturari ekin genion eta “Ez gara jaitsiko!” ipuin-diska ilustratua aurkeztu genuen, Leire Bilbaok idatzitakoa, Irrimarrak ilustratua eta Xabier Zabalak konposatutako abestiekin.

 

Herri, eskola eta etxeko txikiekin zuhaitzetara igo ginen eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera Euskal Herritik Amazoniara abiatu ginen, ipuina eta berau laguntzen duten abestiak abiapuntu, naturaren zaintza, hiritartasun globala, genero ikuspegia edota Giza Eskubideen gaietan sakontzeko. Bidaia hobeto aprobetxatzeko Alboan-etik, Cristina Eneako hezitzaile eta berritzeguneei lotutako irakasleekin batera, fitxa didaktiko batzuk garatu ditugu bereziki irakasle eta hezitzaileei zuzenduak, baina gurasoentzako ere baliagarriak direnak.

 

Alboanek eta Katxiporretak ipuin animatua eta Amazonia abestiaren bideoklipa ere atera dugu. Album ilustratua eta CDa salgai daude Katxiporretaren webgunean eta liburu dendetan. Abestiak Katxiporretaren youtube orrialdean ere entzun daitezke. Fitxak eskuragarri daude liburuaren atzeko azalaren QR kodearen bidez eta esteka honetan ere.

 

Baina ez, ez gara jaitsi, eta aurrera egin dugu abentura honetan. Katxiporretak “Ez gara jaitsiko!” ikuskizuna abian jarri du, eta baita Ez gara jaitsiko abestia dantzatzeko koreografia ere, aldarrikatuz batera dantza egiteko.

 

Ondorengoak dira Alboan-ekin batera izango diren ikuskizunaren datak:

* Urtarrilak 20, Andoain. Bastero Kulturgunean. 16:30/19:00

* Otsailak 12, Zumaia. Zumaiena antzokia. 15:00/17:30

* Otsailak 17 eta 18, Bilbo. 16:00/18:30

 

Ez gara jaitsiko! ekimenak “Amazonia gara” kanpaina txikienei gerturatu nahi die, Amazonia eta bertan bizi diren herriak babestu eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko helburua duena. Espero dugu eduki berri hauetaz gozatzea, belarri, begi eta gorputzak aktibaturik, Amazoniaren alde sentitu, pentsatu eta ekiteko.